Konpositoreak

Alfonso García de la Torre Rey

Vitoria-Gasteiz, 1964-2022

Gure herriak musika garaikidean eman izan duen euskal konpositorerik garrantzitsuenetakoa da. Batik bat, musika elektroakustikoaren esparruan nabarmendu izan da, erreferentea delarik estatu zein nazioarte mailan.

Haren konpositore ondareak edertasun eta sentiberatasun handiko obra eskutada bat utzi digu. Bertan, tresna tradizionalak eraldatu egiten dira seinaleak zuzenean bizitzen duen prozesamenduari esker, eta mota guztietako soinu sintetiko eta naturalak nahasten dira. Beste diziplina batzuetako artistekin izan zuen elkarlanak dantza, bideo-mapping-a, margoa eta antzerkia nahasten dituen ikuskizunak ekoiztera eraman zuen. Bere sorkuntza-lanaren zati garrantzitsu bat inprobisazio askearen eremuan garatu zen, "Sirius" taldea sortuz. Talde horrekin jo eta ikuskizun ugari emandakoa da.

Pianoa ikasi zuen Luisa Rey eta Ignacio Lopez de Luzuriagarekin, konposizioa Carmelo Bernaolarekin, eta Ingeniaritza Elektronikoa Euskal Herriko Unibertsitatean. Ikasketak hainbat tokitan biribildu zituen: GME (Cuenca), Phonos (Bartzelona), Tallers Internacionals d’Art i Comunicacio (Valentzia LIEM-CDMC, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea, Centre Acanthes (Avignon), IRCAM (Paris), etab.

1985ean “Musika Elektroakustikoaren Laborategia” sortu zuen Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan, teknologia berriak musikako irakaskuntzetan sartzeko asmoz. Garai hartan esperientzia aitzindaria izan zen gure herrialdean.

Izugarria izan zen kultur kudeaketan burutu zuen lana:
  • Musika Garaikidearen Zikloaren 6 edizio 1994tik 2003ra bitartean,
  • Bernaola Zikloa Jaialdiaren 13 edizio 2004tik 2017ra,
  • Musika Elektroakustikoaren Jardunaldien 10 edizio 1988tik 2004ra,
  • Sinkro Jaialdiaren 8 edizio 2005etik 2012ra bitartean,
  • Ensemble Sinkroren ezin konta ahala kontzertu mundu osoan, 250 obratik gora enkargatu eta estreinatuta,
  • Sinkro Records-ekin editatutako 20 CD, eta
  • Sinkro Scores-ekin argitaratutako 20 partitura.

Esperimentazioari eta abangoardiari emanik zen pertsona gisara, luzea da parte hartu izan zuen aldizkari, argitalpen eta biltzarren zerrenda: Espacioluke, Eufonia, Eusko Ikaskuntza, International Society of Music Education, International Computer Music Conference, etab.